2006/07/13

> Iritzia: Maixan Merkapide > DEBEKUZ INGURATURIK

  • Debekuz inguraturik
  • Berria, 2006-07-13 # Maixan Merkapide

Legeak bat bestearen gibeletik datoz, zuhurtziaz, bat edo besteak mugak gainditurik, nor nahiren axolagabekeriaz zaintzeko. Gida baimena, derrigorrezko asegurantza, ezinbesteko zintara babeslea, abiadura mugatua, askatasunaren tresna izan beharra, autoa alde guztietatik kontrolatuta den tresna bilakatu da. Frantzian, azken bost urteetan, hirurehun bat araudi aldaketa izan dira Bidearen kodean. Internet sarea kontrolatu ezina oraino, bihurrikeria, zernahi desbideratzeren eremu bilakatu da. Gure onetarako, gizartearen eginbeharrak gaindika. Gainditzeak, epaituak, zigortuak, adibidearentzat. Gero eta ezaxolakeria normalizatua debekatu beharrean, ahularen babesteko, estatuaren boterea estakuru.

Kritikak gune adostuetan, prentsa, taula gainetan, hein neurtu batean, paso. Zuzentasun politikoaren zentsura inkontzienteak ordezkatzen du zentsura identifikatua. Ezin erre, ezin edan, ezin erran, Irri egitea gune seriosean ez da komenigarri. Hurbiltasun bat agertzean, distantzia eredu delarik, bestea izotz edo despistatua. Garai bakoitzak erreferentzi desberdinak izaten ditu, erlijioak, legediak, tendentziak arauturik.

Segur jendetza emendatzeak, norberaren kontrola edo bestearen errespetu faltak behartzen dituela lege babesle franko. Hedabideen handiagotze edo desbideratzeak ere. Elementu batzuen gehiegikeriek dute jendetza osoaren bizia mugatzen. Arautzea, isilaraztea, debekatzea, hau da gaurko eguneroko litania.

Debeku gehiegi delarik, tabuak sortzen eta lege hauste goseak abiatzen. Freuden ustez debekuaren aurrean egituratzen da delako surmoi edo nortasun barnatu inkontzientea. Gaur ikastegietan normalizatu den bortizkeria hutsa, buraso eta jendarte belaunaldi baten larderia ezaren ondoriotzat hartzen da.

Debekuak alde baikor anitz izanik ere, lege haustearen gozamena adibide, gaur egun sentitzen den araudi eta kontrola gehiegikeriek, maiz presondegi batean izateko sentsazioa sortzen du, bihurrikeri mugatu edo doi bat naturalki zintzo den jendearen artean. Zuhurtziaz jokatu behar. Jendearen min egiteko gaitasun naturala edo biziak hazia, proportzionalki zintzotasun edo jendean den on egiteko gosea baino indartsuago direla ez dugu dudarik. Belaunaldi batetik bestera ez dago eboluzio nabarmenik.

Gehiago azpimarratzeko da, gaur egun agertzen diren erlijioen indar berriak, puritanismo nahikeri batekin. Erromatik adierazten den homofobia eta morala erradikala. Mahometez egin karikaturek baino harrabots gutxiagorekin bada ere, aipatu behar da Frantses telebista kate bat isilarazi dutela, apez sainduaren zerbitzu bereziek. Elizak errepublikaren adierazpen eremua mugatzen, blasfema sakratua. Egia erran, azken hamar urteetan bizi ohituretan irekidura handiak izan dira, teknologi berriekin, seguritate arazoak edo tabu askoren desagertzeak.

Lege gehiegik legea hiltzen duela ohartu dira, Frantziako Estatu Kontseiluan. 9 000 lege, 120.000 dekretu bazirela Frantzian 2000 urtean. Geroztik urtero gehitu behar dira, 15.000 dekretu. Azkenean, lege berri bat izan daiteke, orain arte martxan diren legeen kopurua apaltzeko.

No comments: