- Berdintasuna lortzeko martxan
- Gara, 2006-06-18
Gay eta lesbianen ezaugarri nagusia bilakatu den kolorez beteriko bandera erraldoi batek ireki zuen atzo Biarritzen izandako “harrotasun martxa”. Herritarren arteko «berdintasuna» aldarrikatzeko bertaratu ziren, eta Biarrizko homosexualen sinboloa bilakatu den farotik abiatu zuten ekitaldia. Urteroko giro musikal eta alaian karrikak zeharkatu zituzten.
Seigarren edizioa zen, eta aurrekoekin konparatuz, inoiz baino harrera hobea egin zieten bertan, hondartzan edo herrian zebiltzan herritarrek. Musika teknoa lagun zutela, herritarrak erraztasun handiarekin aritu ziren erritmoekin bat eginez dantzan. Baina gehienak martxan sartzera ausartu gabe, espaloian argazkiak hartzen geratu ziren.
Bitxikeriaren bat ere ikusi zen. Sainte Eugenie elizaren aurrean, tekno musika azkarki entzuten zela, ezkonberri batzuekin topo egin zuten. Eta bikoteak, familia inguruan zuela, argazkia tradizioak dioen bezala Biarrizko paisaia baten aitzinean egin ordez, martxaren irudiarekin ateratzea erabaki zuen. Izan ere, argazki hori atzoko ekimenaren sinbolo bilaka genezake. Martxa legearen aurrean herritar guztien arteko berdintasuna aldarrikatzeko antolatu zuten, eta eskaeren artean, homosexualen arteko ezkontza onartzea zegoen. Martxa irekitzen zuten kamioietan irakur zitekeen, izan ere: “Gay ezkontza = Viva España”.
Eta, betiere, ezkontza hori tartean zegoela, Gay and Lesbian Pride ekitaldiaren antolatzaileek, usaian bezala, hitza plaza horretan hartu ordez, errespetuz herriko etxearen aitzinean egitea erabaki zuten. Philippe Lacoste elkarteko arduradunak hartu zuen hitza, eta homosexualekiko tolerantziak gibelera egiten duela esan zuen.
- «Berdintasunaren aldeko» boza
No comments:
Post a Comment