2006/06/06

> Berria: Elkartasuna: EPAIKETA BERTAN BEHERA UZTEKO ESKATU DU GASTEIZKO BABES TALDEAK

  • Epaiketa bertan behera uzteko eskatu du Gasteizko babes taldeak
  • Berria, 2006-06-06
Gasteiztik heldu zen atzo elkartasuna. Izan ere, Arabako hiriburutik berrogeita hamar bat lagun joan ziren atzo Madrilera, 18/98 auziko auzipetuei babesa adieraztera. Talde, sindikatu eta elkarte askotariko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Casa del Campoko egoitzaren aurrean: besteak beste, IKA, AEK, Gaytasuna, Askatasuna, Etxerat, Salhaketa, EILAS, LAB, Hala Bedi, Segi eta Elkartzen taldeetako ordezkariak bildu ziren. Eskuetan epaiketaren aurkako afixak zituztela egon ziren dozenaka lagun.

Epaiketak «funts juridikorik» ez duela eta eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela salatu zuten bildutakoek. 59 pertsonen aurka egiten ari diren epaiketarekin eurak ere epaituak sentitzen direla adierazi zuten.

Halaber, hilaren 10erako larunbatarekin Gasteizen deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. 18/98+ lan taldeak deitutako manifestazioa 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik.
Manifestazioaren helburua eskubide zibil eta politikoen defentsa aldarrikatzea izango dela azaldu zuten. Hala, eskubide horien alde epaiketa bertan behera geratzeko eta «isilarazi eta zigortzeko asmoz interes politikoek eta zentsurak bultzatutako sumario guztien instrukzioa eta garapena geldiarazteko» eskatu zuten. Epaiketa horretan epaitzen ari direna «adierazpen askatasuna eta ekimen politiko eta soziala» dela gaitzetsi zuten.

Halaber, 18/98 sumarioko epaiketaren izaera juridikoa «zentzugabea» dela eta egungo egoera politiko berriaren barruan «lekurik» ez duela salatu zuen Gasteizko babes taldeak.

No comments: