2006/06/03

> Berria: Elkarteak > GEHITU TOLOSAN: TRANSEXUALEN EGOERA ETA FAMILIA EREDUA ARDATZ HARTUTA

  • Transexualen egoera eta familia eredua ardatz hartuta
  • Gay eta Lesbianen Harrotasun Egunaren harira, ekitaldi ugari asteburu honetan
  • Tolosaldeko HITZA, 2006-06-03 # Esti Ezeiza

Hil honen 28a Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna ospatuko da. Horrela, honen harira, asteburu honetarako zenbait ekitaldi antolatu ditu Gehitu, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak. Egitarauaren aurkezpena atzo egin zuten Kultur Etxean; bertan parte hartu zuten Koldobike Mujika eta Jesus Estomba Gehituko Koordinatzaileek eta Jokin Bildarratz Tolosako alkateak.

Mujikak azaldu zuenez, Gehituko egoitza nagusia Donostian dagoenez, urtean zehar ekintza gehienak hiriburuan egiten dituzte, eta egun hau aitzakiatzat hartuta, hemendik kanpora ateratzeko aprobetxatuko dute. Horren adibide dira Tolosan egingo dituzten ekitaldiak.

Jokin Bildarratzen esanetan, «Tolosako Udalak eta instituzioek babesa ematen diote elkarte honi». «Hau normalizazio prozesu bat baita, pixkanaka aurrera doana, konplejoak-eta alde batera utziz». Bestetik, onartu zuen Gehituk urte askotan asko sufritu duen kolektibo bat ordezkatzen duela, eta ixilpean lan handia egiten ari dela normazlizaziorako». Koordinatzaileek garbi utzi zuten «giza eskubideez ari garela eta hauek bete beharra daude».

  • Bi ardatz

Prentsaurrekoan agertu zutenez, aurtengo ekitaldiak bi ildo nagusitan oinarrituko dira: alde batetik, joan den urtean, Ezkontza Legea onartu zen, eta Koldobika Mujika Gehituko koorditzatzaileak aurkezpenean agertu zuenez, «aurrerapauso handia izan zen; hala ere, bide luzea dago egiteko». Atzo bertan, berriz, Genero Identitate Legea onartu zen Espainiako Ministroen Kontseiluan. Lege horrek jasotzen duenaren arabera, transexualen sexua eta izena onartuko da, genitalen ebakuntza egin beharrik gabe. Izan ere, transexual batzuk prozesu honetatik ez dute igaro nahi, nahiz eta beraien sexualitatearekin identifikatuta ez sentitu. Erabaki hau «positibotzat» ikusten dute Gehitukoek. Orain arte, kolektibo honek bizitu duen egoera eragozteko balioko baitu: hau da, prostituzioan-eta lan egin beharra.

Bestetik, jaiaren bigarren ardatza familia ereduen planteamentu berria izango litzateke. Uztailean Familien Nazioarteko Eguna egingo baita Valentzian (Espainia), Aita Santua ere etorriko delarik. Baina bertan familia eredu tradizionala bakarrik hartzen da kontuan, eta Gehituk hau aldatzea nahi du. Halabaina, joan den urtean onartutako legearekin gainontzeko ereduak ere baimendu ziren, eta orain «hauek normaltzat ikustea lortu nahi da».Jesus Estomba, Gehituko Koordinatzaileak agertu zuen bezala, «errealitatean islatuak izatea lortu behar da. Sortu berez sortu baitira, eta hauek onartuta badaude ere, isla soziala behar dute».

No comments: