2006/06/03

> Erreportajea: Trans > IZENA NORK BEREA, IZANAREN AGINDUETARA

  • Izena nork berea, izanaren aginduetara
  • Espainiako Gobernuak Genero Identitatearen Legea onartu zuen atzo, gizon eta emakume transexualek arnasa bera bezala behar eta espero zuten araudia
  • Berria, 2006-06-03 # Iñigo Bilbao, Bilbo
Ainitz gauza errana da, baina deus ziur ez dakigu. Gure herrietan bizi izan ziren, baina beti arrotz bezala ikusiak izan ziren. Gure herrian bizi izanagatik ez ziren herritar bezala hartuak izan. Nor ziren ez da batere argi ageri. Haatik, badakigu gure herrietan bizi izan zirela». Agoteak zituen hizpide Junes Casenave-Harigile Altzaiko apaizak (Zuberoa) Argia aldizkariak eginiko elkarrizketan. Agoteak zirena, gizon eta emazte transexualak izan daitezke gaur. Gauza bera ez, baina antzekoa baita batzuen eta besteen oinazea.

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen Genero Identitatearen Legea. Bikote homosexualen ezkontzek besteko hautsik harrotu ez badu ere, arnasa bera bezain preziatua izango da araudia gizon eta emakume transexualentzat. Indarrean sartzen denean, euren izena eta bizi duten generoa adieraziko dira agiri ofizialetan.

-- Axola ez bazaizu, ez dizut nire benetako izena emango. Karnetean agertzen dena, ez.
-- Benetako izena behar dut, ez karnetean agertzen dena.


Jon Fernandezek (Bilbo, 1981) mutil koskorraren itxura osoa du, Biologia ikasketak amaitu eta orain doktoretza egiten ari bada ere. «Txikitan mutilekin ibiltzeko grina izaten nuen beti. Amarekin liskarrean ibiltzen nintzen beti, hark gonak janzteko agindu eta nik prakekin ibili nahi izaten nuelako. Baina ohartu, neure burua transexualtzat hartu, 13 edo 14 urterekin izan zen. Telebistan dokumental bat ikusi eta berehala ikusi nuen neure burua identifikatuta».

Ordura arte galduta bezala bizi zen. Neskak atsegin zituen, baina ez zuen bere burua lesbiana ikusten. «Ohartzea gauza bat da, onartzea bestea eta, nire kasuan, mutil modura bizitzen hastea oso bestelakoa. Unibertsitatea amaitu arte ez nintzen hasi ni neu izaten».

ESKARMENTUA. Imanol Noia donostiarrak urte gehiago ditu. «Zenbat? Berdin dio, itxurak adierazten dituenak gutxi gorabehera». Eskarmentu handiagoa duen arren, antzekoak ditu oroitzapenak: «Nerabezaroaren hasieran ohartu nintzen ni, 12 urtekin. Baina lehenago banituen neska batentzako nahiko arraroak ziren jokabideak. Zailagoa da esatea noiz jabetu nintzen gertatzen zitzaidan horrek bazuela izena: transexualitatea».

Une edo bizipen zehatz hori ez du gogoan. Garai hartan jendeak «marimutil» deitzen zion, eta berak ere halaxe ikusten zuen bere burua. Gerora ikasi zuen izena, nonbait ikusita: «Berehala ohartu nintzen hori zela, transexualitatea, nire zer horrek zuen izena».

Noiak ere bide luzea egin du bera izaten hasi arte. «Ez da gauza bera onartzea eta mutil modura bizitzen hastea. Hasieran ez zara ausartzen eta jendeak ere ez dizu uzten, adibidiez, mutilen komunetan edo aldageletan sartzen. Jaurlaritzaren agiriren bat betetzerakoan ere, izena edo sexua adierazteko eskatzen dutenean, edo despistatuarena egin eta ez bete, edo neska izena jarri behar izaten dut».

Nork bere buruarekin borroka gaindituta, etxekoekin izaten da hurrengo talka. Fernandez gurasoekin bizi da. Bizitza eta osasun psikologikoa kolokan zeuzkanez, zer gertazen zitzaion aitortu zien. «Hasieran txarto hartu bazuten ere, neurri batean ohitu egin dira».

«Batzuetan Jon deitzen didate! Ez da ohikoa, baina paperean mezua utzi behar izaten dutenean, bitxikeria modura, egiten dute». Psikologoarekin ere izan du harremanik. Institutuan izan zen, neskak atsegin zituela esan zuenean. «Ez nion inori esan mutil sentizen nintzela, niretzako gogorregia zelako oraindik hori onartzea». Gurasoei sekula esan gabekoak hari aitortu zizkion: «Neska eta heterosexuala nintzela esan zidan. Harengana laguntza eske joan eta okerrago irten nintzen. Hori ikusita, nola esango nien gurasoei ezer!».

Noiak ere ez zuen samurra izan umetan egin beharreko bidea. Lekaimeen ikastetxera bidali zuten, eta gaizki zeraman uniformea jantzi behar izatea. «Gurasoek bolada bat izango zela uste zuten, pasatuko zitzaidala, eta jarrera errepresibo samarra izan zuten».

Aita hil eta amak orain ez bide dauka onartzea beste erremediorik. «Batzuetan ahaztu egiten zaio baina. Etxean gaztelaniaz hitz egiten dugu -ni neu euskaldun berria naiz- eta oraindik batzuetan femeninoz hitz egiten dit».

Bada xelebrea hizkuntzarekin gertatzen dena. Fernandezen lagunek berak uste baino hobeto onartu dute. Ia guztiek Jon deitzen diote. «Batzuek gaztelaniaz hitz egiten dutenez, generoarekin nahasten dira, baina ez diet txarto hartzen neroni ere gertatzen zaidalako oraindik».

SEXU ALDAKETA. Aldaketa fisikoa izaten da gizon eta emakume transexualen bizitzan kinka gainditu beharrekoa. Fernandez gaztea da oraindik bueltarik ez duen erabakia hartzeko. «Genitalena ez daukat argi, ez dakit zer egin. Ebakuntza garestia da, eta emaitzak ez dira fidagarriak». Noiari ebakuntza bi egin dizkiote. «Bularrak kentzeko izan zen, eta lehenengoan ez nintzen ondo gelditu. Azken ebakuntza zaila da, eta garatu gabe dago kirurgia. Emaitzak ez badizkidate bermatzen, ez dut egingo».

Baina gorputzarenak baino gaitzagoak izaten dira bihotzaren kinkak gainditzeko. «Nik ez nuen inolako harremanik nahi. Ez nuen neure gorputza onartzen, ezin nintzen inoren aurrean biluzik egon. Paso egiten nuen. Neska bati ausartu nintzaion atsegin nuela esatera; berari mutilak gustatzen zitzaizkiola erantzun zidan. Noski».

Ikasketak amaitzen ari zela, Fernandez neska batekin hasi zen. Berehala esan zion bera aldaketa prozesuan zegoela. «'Begira zer dagoen' esan nion, 'zeuk ikusi'. Ez dut gaizki-ulertze gehiagorik nahi».

Noiari ez zaio samurrago suertatu. «Honek harremanak baldintzatzen ditu, noski. Lotura azalekoa bada, tira; baina unea iritsiko da beti ikusi beharko dudana esan edo ez».

EMAKUME, ETA GIZON. Legeak, baina, inon ez du arautzen zer den emakume edo zer gizon izatea eta, batez ere, nola egiten den emakume edo gizon bizitzeko. Horregatik, lege berriak ez dio onik egingo Edurne Gallastegiri (Barakaldo, 1958). Bera Edurne den bezala, Edu ere badelako. «Ni naizena naiz, eta ez da zuzena sexu biologikoaren arabera naizena mugatzea. Horrek ez dio erantzuten nire izatasun osoari».


Ez da transexuala, baina laster ebakuntza gelan sartuko da bularrak errotik kentzeko. Bularrak baino ez. «Kendu egin behar ditut, ez ditudalako neureak. Ez datoz bat neure gorputz eta buruarekin, eta traba dira ni neu naizena izateko. Pentsatzen dut, gainera, besteekin dudan harremanetan aberasgarria izango dela». Pena da, baina idazterakoan galdu egin dira bere hitzek, gaztelaniaz esanak, adierazten duten ñabardura: femeninoz orain, maskulinoz gero.

======================================================

  • «Ebakuntza bera ordaintzea baino, hobe dute medikuak trebatzea»
  • Ivan Garde Nafarroako Ilota Ledo transexualen elkarteko burua
  • Genero Identitatearen Legea laster izango dutela jakiteak lasaitu egin baditu ere, transexualen elkarteek bide luzea daukate oraindik berdintasuna erdiesteko
  • Berria, 2006-06-03 # I. B., Iruñea
Ivan Garde (Iruñea, 1966) Ilota Ledo elkarteko burua da. Nafarroan transexualak eta haien lagun eta senitartekoak batzen dituen taldearen izenak esangura berezia dauka: Ilota, eurak zirelako herritartasuna galduta zeukaten gizon eta emakumeak; eta Ledo, berriz, euren bizipoza adierazten duelako.

Espainiako Gobernuak Genero Identitatearen Legea onartu du. Zenbateko garrantzia du horrek transexualentzat?
Pozgarria da. Bazen ordua, bestetik. Denbora daramagu transexualen elkarteok araudi horren eske borroka egiten. Lan nekosoaren emaitza den aldetik, pozten gara. Ikusi egin beharko da orain araudiak agindutako guztia jasotzen duen azkenean edo ez.


Legean zer jaso beharko lukete bada?
Agindu zaizkigunak beharrezkoak genituen neurrian, ondo daude. Baina guk haratago joan beharko luketela uste dugu. Araudiak garrantzi larregizkoa ematen dio oraindik diagnostikoari, eta mugatu egiten du proposamena.

Badago modurik zeuon eskakizun guztiak legez arautzeko?
Guk pentsatzen dugu nahikoa litzatekeela norberak agirietan generoa aldatu nahi duela esatea egiteko, izenarekin egiten den bezala. Legez aldaketa onar diezaguten bete beharreko prozedurak zurrunegiak dira, eta ez da bidezkoa.

Agintariak jendearen aurreiritzien beldur direla uste duzue?
Ez da bakarrik beldurra. PSOEn, beste alderdietan eta gizartean bada jendea eragin handia duena, eta transfobiak jota dagoena. Transexualitateaz, eta batez ere gizartearen barruan generoak duen garrantziaz, oso iritzi hertsia daukate. Heterosexismoak indar itzela dauka oraindik. Ez dakizu zenbat kostatu zaigun PSOEn eragitea, alderdiaren zati batean baino izan ez bada ere. Ez gara itsu. Badakigu jende askok zailtasun handiak dituela oraindik transexualitatea zer den ulertu eta aintzat hartzeko.

Horregatik diogu legea beharrezkoa zela. Ez bakarrik duintasuna emango diolako gure egunerokotasunari, baita jendeari begiak ireki eta pentsamoldea aldatzeko balio izango duelako ere.

Carlos Amigo Sevillako (Espainia) kardinalaren adierazpenek harridura sortu dute, aldekoak izanik ezohikoak direlako. Elizaren jarrera aldaketa islatzen dute?
Amigok pertsona zentzuduna dela erakutsi du, gaian jantzia eta zertaz ari den badakiena. Ez da gutxi. Argi dago talde guztietan topatuko ditugula pertsona argiak eta jantziak, ikuspegi irekiagoa dutenak. Hala ere, bakarrik dago. Eliza katolikoa ez dator bat zentzutasun horrekin, nahiz eta lagun hurkoarenganako begirunea predikatu.

Sexismoa ere leku guztietan dago. Gizon eta emakume transexualen artean ere bai? Gizon transexualek emakumeek baino errazago daukazue?
Arrazoi duzu, matxismoa traba handia da pertsona transexualok gizarteratzeko edo aintzat hartzeko. Emakumeek izugarri sufritu dute. Garai batean gizon transexualak ez ginen inon ageri eta ikusten ziren bakarrak eurak ziren; eta ikusten zituztelako, baztertu eta zigortu egiten zituztenak ere bai. Ez dut ukatuko geuk ere, gizonok, gizartearen bazterketa sufritzen ez dugunik, baina beti izaten da, emakumeek pairatzen dutenaren aldean, jasangarriagoa.

Ez dago transexualitatea eta homosexualitatea nahasteko joera? Borrokan ere elkarrekin ageri zarete. Zergatik?
Urteetan jende askoren iritzia izan da transexualak gure homosexualitatea aintzat hartu nahi ez genuen gizon eta emakumeak ginela. Informazioa lortu eta gizon eta emakume transexualak ezagutu dituzten heinean, ohartu dira errealitate bi direla, batak ez duela zertan bestearekin lotuta egon.

Iritzi horiek eragina izan zuten mugimenduetan ere. Horregatik, hasieran talde berean ginen guztiak. Orain ere ez daukagu elkarrekin joateko trabarik. Bidelagun izan gaitezke, aintzat hartzen badute betiere geure arazoak eta eskakizunak ezberdinak direla. Ez delako berdina joera sexuala eta nortasuna. Nahasmena dagoen arren, ez dira gauza bera.

Nortasuna aitortzeko ezinbestekoa izango ez bada ere, transexual askok genitalak aldatzeko premia daukate beren burua aintzat hartzeko. Nork ordaindu beharko luke ebakuntza kirurgikoa?
Une honetan agintariek nahiago dute ezer ez esan, eta gauzak dauden moduan utzi. Nafarroako Osasun agintariek argi utzi dute gurean ez dutela sosik sartuko horretan. Ez oraingoz. Gure ustez, hala beharko luke, Osasun sare publikoak egin beharko luke. Hori guztiori esan arren, argi utzi nahi dugu gizonon kasuan nork ordainduko duen baino garrantzitsuagoa dela emaitzak nolakoak izango diren. Uste dugu hobe dela ebakuntzarik ez egitea ez badago benetako bermerik lortuko diren emaitzak egokiak eta behar bezalakoak izango direla. Berdin, arriskua emaitza bera baino handiagoa bada. Oraindik ez dago hemen ondo trebatuta dauden eta maila emango duten zirujaurik. Premiazkoagoa da guretzat ebakuntzak ordaindu baino, teknika horiek ondo ikasiko dituzten medikuak trebatzea.

Legearen ostean zeintzuk izango dira transexualen elkarteen xedeak?
Aldarrikapen zerrenda luzea daukagu gero! Legearekin oinarrizkoak lortu eta lasaiago biziko gara. Lanean batez ere. Baina bidea luzea da. Herritarrek jakin egin behar dute zer den transexualitatea, eta aintzat hartzen ikasi gutako bakoitzak bere buruari aitortzen dion izatasuna. Nafarroako agintariekin, bestalde, lan handia daukagu.

No comments: