2006/07/18

> Elkarrizketa: WILLIAM NASARRE > "SEMINARIOAN NI LIGATZEN SAIATU DIRA, ETA ONARTU EZ DUDALAKO BAZTERTU NAUTE"

  • William Nasarre · Apaiz ohia
  • «Seminarioan ni ligatzen saiatu dira, eta onartu ez dudalako baztertu naute»
  • Gara, 2006-07-18
Apaizak eta sexu arteko harremana: hori da William Nasarrek berrikitan kaleratu duen “Confidences dérangeantes d’un homme d’Eglise” liburuan mahai gainean jarri nahi izan duen gaia. Hain zuzen ere, seminarioan apaiz izateko jaso zuen prestakuntza eta garai horretan bizi izandako sexu jazarpena aipatzen ditu bertan. Nasarre apaiz izandako da, eta bere prestakuntzaren zati handi bat Baionan eman du.

William Nasarrek Baionan jasan zituen lehen sexu presioak. Behin baino gehiagotan salatu izan baditu ere, eliza erakundeek muzin egin diete bere erranei, eta baztertua izan da.

­Gaur egun tabu den gai bat aipatzen duzu: apaizak eta sexu arteko harremanak... Zergatik erabaki duzu gai horri buruzko liburua idaztea? Apaiz-zelibatoari buruzko eztabaida mahai gainean jarri nahi izan duzu edo seminarioetan gertatzen dena jakinarazi?
Nire liburuan, lehenik, apaiz gisa bideratu dudan prestakuntzan izan ditudan zailtasunak aipatzen ditut. Izan ditudan arazoak nagusiki sexuari lotuak izan dira, maila horretan gertatu zaidan zerbaiten ondorioz arazoak izan baititut. Liburua, bakoitzak pentsa dezakeenaren gainetik, nire egiaren izenean egin dut. Baina ez baitezpada apaiz-zelibatoaren gaia mahai gainean jartzeko, baizik eta sexua duen gizaki baten sexualitatea goraipatzeko. Seminarioan bizi izan dudana eta donado izateari uko egin izana hurbiletik lotuta daude.


­Zure erranak harrigarriak dira. Perbertsiotik hurbil den manipulazioaren mundua ezagutzen da. Besteak beste, Baionako seminarioan izan zara. Bertan gertatutakoa nabarmentzen duzu.
Galdera pausatzen dut: nola da posible horrenbeste gazte Baionatik kanpo babes bila joan izana? Pertsona horiek konponduriko barne aferek oihartzuna izan dute beste seminarioetan. Historia hori elizaren barne bide askotan zabaldu da, baina egia jakinarazi duen bakarra ni izan naiz. Ligatu egin naute seminarioan, eta onartu ez dudalako baztertu naute. Apaizek isildu dituzten manipulazio gorrotagarri horien ondorioz nire lagunetako bati min handia egin diote. Guztiz desorekatzen zaituzten gertakari gogaikarriak eta jasaten dituzun presioak salatu nahi izan ditut.


­Apaiza izan zara, eta behin baino gehiagotan salatu dituzu gertakari horiek. Zein izan da zure nagusien erreakzioa?
Gertatu direlarik azaldu ditut gertakari horiek, eta bistan da nire kalterako izan dela: «Egia guztiak ez dira on errateko». Apaiz izateko bidea gaizki hasi nuen. Eta argi utzi didate komunitate guztiaren aurrean errudun nintzela. Ordenantzara egoera larrian iritsi naiz, ez baitzidaten titulua eman nahi ez naizelako makurtu.


­Ez al duzu elizaren ibilbidea bere osotasunean salatzen?
Nor naiz ni horrelako zerbait esateko? Bataiatua naiz, apaiza naiz, eliza horretan sartua nago. Bizi izan dudana aipatzen dut, besterik ez. Espero dut ez dela denetan horrela gertatzen. Baina, Estatu frantsesean lekukotasun bat baino gehiago ukan dut, eta nik esaten dudanarekin bat egiten dute. Beraz, zer pentsatu?


­Eskandalu asko daude. Zure ustez, egungo gizarteari egokia ez den elizak inposaturiko arauen ondorio dira?
Askotan esaten zidaten jendearengandik hurbil izan behar nuela. Bilkura asko egiten genituen, elkar laguntza eta ulermena ikasteko. Baina, ekonomia, soziologia, kultura eta sinesmen aldetik oso aldakorra den mundu batean gaude. Bizi arauak behar dira, baina, zergatik da hain garrantzitsua horrenbesteko «santutasun» mailara heltzea?


­Liburua argitaratu duzunetik egoera berak salatzeko prest diren beste apaizgai edo apaiz batzuekin harremanak izan al dituzu, edo baztertua izan zara?
Nire argitaletxearen bidez lekukotasunak izan dut. Baina jendea beldur da elizaren moralaren pisuarengatik eta errudun sentimendu batengatik. Lagun asko dut eta badakite esaten dudana egia dela, eta sekula arazo bat izango banu justifikatzeko prest dira. Interneten bidez, gure eliza katoliko santuan horrelako gauzak ezin direla gertatu esaten didaten mezuak ere izan ditut. Hots, bakoitzak bere iritzia izateko eskubidea du, eta hori errespetatu egiten dut nire iritzia errespetatzen den heinean. Bazterketari dagokionez, apaiz prestakuntzan eman dudan denbora guztian baztertua izan naiz, beraz, usaia hartu dut. Ez naiz, halere, jainkoaren bihotzetik baztertua, ez dut uste.


­Argi dago elizak erreforma beharra duela. Benedikto XVI.ak postua hartu berri du; uste al duzu bere hautagaitzak berrikuntzak ekarriko dituela, edo alderantziz, egungo elizaren kontserbatismoa indartuko duela?
Galderari erantzuten diozula uste dut. Benedikto XVI.ak baztertuei buruz azalduriko ordenantza ezberdinek argi uzten dute elizaren zorroztasuna indartu baizik ez dela eginen. Esperantzan bizi gaitezen, baina argiak izan gaitezen.

No comments: