- Astigarragak adopzio seme izendatu du Jose Maria Setien gotzaina
- Jende ugari bildu zen pleno aretoan egin zitzaion omenaldian
- Erretiratu ostean udalerriko monasterioa aukeratu zuen bizitoki eta Udalak ohore bat dela adierazi nahi izan dio
- Noticias de Gipuzkoa, 2006-06-29 # Ainara Hernando, Astigarraga
Udalerriko bizilagun batzuen eskaeratik abiatuta, Setien herriko adopziozko seme egiteko mozioa aurkeztu zuen EAJ-EA alderdiak maiatzaren 26ko udalbatzan eta onartu egin zen PSE-EE eta PP alderdien kontrako botoekin. Erabaki horri forma eman zitzaion politikari eta herritar ugari bildu zituen omenaldian.
Musika eskolako gazteek eman zioten ekitaldiari hasiera saio txiki batekin eta Bixente Arrizabalaga alkatearen ongietorriaren ostean, Imanol Lizarralde idazkariak gotzainaren izendapenaren zergatiak azaldu zituen. Bere hi-tzetan, "muturreko politika egoera zailenetan egin duen etikaren defentsa eta gizartearen alde eginiko lana dira bere ibilbideko oinarri nagusiak. Aipagarria da ere go-tzainak gure udalerria aukeratu duela bizitokitzat eta horrek harrotasunez betetzen gaitu".
Setienek hitza hartu zuenean han bildutakoak ikusi eta bere poztasuna azaldu zuen: "Kontentu jartzen nau Hernaniko alkatea hemen ikustea, ni hernaniarra bainaiz. Baita Urnietakoa, aita urnietarra bainuen. Eta, noski, Astigarragako herriari oso eskertua nago. Ni ez naiz gehiegi sartzen herriko bizi-tzan, baina bihotzez eskertzen dut errekonozimendu hau".
"Erretiratu ostean lasaitasuna behar nuen -azaldu zuen gotzainak- eta herri honetako monasterioan pentsatu nuen. Benetako otoitz giroa aurkitu dut eta oso gustura nago".
Arrizabalaga alkateak ondoren adierazi zuenez, "ohore handia da astigartarrentzat Jose Maria Setienek gure herria hautatu izana eta omenaldi honen bidez jakinarazi diogu". Alberrotar batek zenbait bertso bota zizkion gotzainari ekitaldiari amaiera emateko eta alkateak oroigarri bat banatu zion. Han bildutakoek lunch txiki bat har-tzeko aukera izan zuten gero.
PP eta PSE-EEko Javier Moreno eta Karlos Urrestarazu zinegotziak ez ziren ekitaldian egon. Aurretik desadostasuna azaldu zuten izendapenarekin eta parte ez hartzea erabaki zuten.
No comments:
Post a Comment