- Hautatzeko eskubidea eskatu dute kaleetan
- Batez ere transexualak izan dituzte gogoan Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguneko mobilizazioetan
- Berria, 2006-06-29 # Artikulu hau honako kazetarien informazioarekin osatu da: Iñigo Bilbao (Bilbo), Unai Zubeldia (Donostia), Estitxu Ugarte (Gasteiz) eta Edurne Elizondo (Iruñea)
Hautatzeko eskubidea. Hori izan da aurtengo Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguneko eskaera nagusia Hego Euskal Herrian: alde batetik, «sexualitatearen subjektu aktibo eta autonomo izateko eskubidea»; bestetik, «generoari buruzko kontzeptua» aukeratzeko eskubidea.
Aurtengo mobilizazioetan transexualen egoera salatu dute batez ere: «Egoera bereziki ahulean baitaude, gizarteak benetan baztertzen baititu. Eta, gainera, inork ez die sinetsi nahi esaten dutenean haiei ez dagokiela jaiotzetik eman dieten generoa, arrazoi biologikoak direla eta eman dietena» .
Gayen, lesbianen eta transexualen taldeek genero nortasunari buruzko legea eskatu zuten atzo. Nabarmendu zutenez, «sexuak berriz egokitzeko ebakuntzak doakoa izan behar du eta transexualek psikologo egokien eta adituen laguntza ona jaso behar dute».
Bilbon 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten manifestazioan, horietatik asko oso gazteak. Ekitaldi zaratatsua izan zen: bozgorailuak manifestazioaren aurretik, danborrak, musika zuen karroza modukoa manifestazioaren amaieran... Mezu nagusiaz gain, beste batzuk ere entzun eta ikusi ziren: Askapenerako ezkontzea ez da irtenbidea, Kapital arrosaren kontra, osasun zerbitzu publikoek ordaindu behar dutela sexua aldatzeko ebakuntza...
- Xanti Vicente gogoan
Donostian manifestazioa hasi aurretik otsailean hil zen Xanti Vicente Altxu Madelon izan zuten gogoan, EHGAMen Gipuzkoako sortzaileetakoa. Minutu bateko isilunea egin zuten bere omenez. 500 bat lagunek parte hartu zuten manifestazioan. Transexualak aurrera eta Apostasia kolektiboa izan ziren oihurik errepikatuenak.
Gasteizen dozenaka lagun bildu ziren ortzadarraren koloreko ikurrin erraldoiaren azpian. Manifestari ugarik txartelak erakutsi zituzten: Sodoma, gogoan zaitugu, 100.000 hildako hiesak jota. Elizak gehiago nahi ditu... Manifestazioaren ondoren jaia egin zuten gaztetxean.
Iruñean Biologia ez da patua, patriarkatuak aspertzen gaitu izan zen lelo nagusia. 500 bat lagunek parte hartu zuten manifestazioan, ortzadarraren koloreak zituen bandera baten atzetik. Oihu nagusiak UPNren eta Opus Deiren kontrakoak izan ziren: UPN ez zaigu komeni, Opus Dei kanpora... Manifestazioaren ondoren Kattalingorriko kideek Gaypiriña festa antolatu zuten Nabarreria plazan.
Udalbiltzak, Batasunak eta EGIk bat egin zuten atzoko aldarrikapenekin. Batasunaren esanetan, hainbat eskubide lortzeak ez du gay eta lesbianen «ikusezintasunarekin» amaitu: «Hezkuntza heterosexista amaitu eta komunikabideetan topikoak kaleratzeari utzi behar zaio, besteak beste». Udalbitzak gizon eta emakume guztiei eskubideak bermatu behar zaizkiela nabarmendu zuen. EGIk, berriz, kanpaina bat abiatuko du datorren astelehenean, Berdintasunerako gaytasuna lelopean.
- EHGAMek Aitor Arana saritu du
- Berria, 2006-06-29 # Bilbo
Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatu zituen atzo EHGAMek, urtean zehar gay eta lesbianen eskubideen alde edo kontra jardun dutenei ematen dizkieten sariak. Urrezko Hirukia Aitor Arana idazleak jaso zuen, «euskarazko testugintzan homosexualitatearen gaia inork baino gehiago eta inork baino hobeto landu duelako». Gay eta lesbianen eskubideen kontra jardundakoei ematen dien Trapuzko Espartina, berriz, saria homosexualen ezkontza legea indarrean jarri nahi izan ez duten Espainiako bost epaileei eman die EHGAMek.
No comments:
Post a Comment