2006/06/28

> Berria: Argitalpenak > TOLOSAKO HAUR LIBURUTEGIAN, ARMAIRUTIK ATERATAKO IRAKURGAIAK ESKURA

  • Haur Liburutegian, armairutik ateratako irakurgaiak eskura
  • Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna dela-eta 'Gay gida' osatu dute, eta ikusgai izango da Errota Haur Liburutegian, uztailaren 10erarte
  • Tolosaldeko Hitza, 2006-06-28 # Esti Ezeiza
Tolosako Haur Liburutegiak, gaurko Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna dela-eta ekimen «praktiko eta interesgarri bat» jarri du martxan. Gida batek gaiari buruzko informazioa emango du, aniztasun sexualari buruzkoa, alegia: homosexualitateari buruzko filmak, musika, webguneak eta liburuak gomendatuz. Dokumentu hau liburutegietan begi bistan izango da uztailaren 10erarte. Tolosakoarekin batera, Ermua eta Markina-Xemeingo liburutegietan ere gauzatu da egitasmoa.

Aipatutako gidaren helburua material hori guztia ezagutaraztea da, eta informazioa nahi duenari aholku egokiak ematea «homofobiaren aurkako txerto moduan», liburutegietan materiala bistan jartzeaz gain.


Gidak bederatzi atal ditu, eta lehendabiziko hirurak 0-4, 5-7 eta 8-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude; homosexualitate eta lesbianismoari buruzkoak bereizita agertzen ditu. Ondoren, gazteentzako «egokiak» diren irakurgaiak azaltzen dira, eta baita helduentzakoak ere. Azkenik, liburu tematikoen inguruko aholkuak ematen ditu gidak, hiztegiak, komikiak, bidaiak egiteko gida, gaiari buruzko poesiaren bilduma antologikoa...

Bestalde, ataletako batean, musika ere jorratzen da, «gay mugimenduarentzat erreferentziala den musikaz» aritzen da bertan. Beste batean, egungo filmak eta garai batekoak aipatzen ditu, eta hiru webguneren izenak ematen ditu. Honez gain, gay, lesbiana eta transexualen beharrak aintzat hartzeko euskal zerbitzuaren berri ematen du.

No comments: