- «Gorputz bat baino gehiago gara»
- Ivan Gardek pertsona transexualen eskubideak aldarrikatu ditu
- Goierriko HITZA, 2006-06-28 # Maider del Olmo
Ivan Garde Ordiziako Barrena kultur etxean izan zen aurreko astean hitzaldi bat ematen, Zutik-ek gonbidatuta. Ekitaldian pertsona transexualen eskubideak aldarrikatu zituen, urteetan bizi izan duten bazterketa salatuz.
Berak ere bere larruan jasan zuen bazterketa eta ukapena: «Hamaika modutan saiatu ziren ni neska nintzela konbentzitzen, bide onetatik eta bide txarretatik. Hezkuntza sistema osoa saiatu da neure burua sentitzen nuenaren kontra jartzen. Eta ez dute lortu. Gaur egun gizon bezala bizi naiz, hala sentitzen dudalako».
Sexuz aldatu egin zela esatea ez zaio gustatzen. Bere hitzetan, «nik nahiago dut esatea egokitu egin nuela gorputza. Sexua ez da hartu eta jarri edo kendu eta jarri egin daitekeen zerbait. Gainera, gorputz bat baino gehiago gara». Pertsona transexual guztiek ez dute sexu organoetan ebakuntzarik egiten. Batzuek ez dute premiarik sentitzen, Gardek adierazi duenez.
Orain gutxira arte legearen aurrean agertzeko ebakuntza hori ezinbestekoa zen, baina Espainiako Gobernuak aldatu egin zuen legea duela aste batzuk. Garderen ustez aurrerapauso bat da, nahiz «bide luzea» dagoen oraindik.
Ebakuntzen gaiak arduratu egiten du. «Astakeriak» egin izan direla dio, eta horrek ondorio larriak utzi dituela pertsona transexual batzuetan: «Adibidez, badaude kasuak gorputza itxuraz bakarrik aldatu dutenak. Alegia, hormonarik eta hartu gabe. Zer pasatu da? Gorputza ez dela egokitu egoera berrira. Ondorioak latzak dira, osteoporosis kasu larriekin adibidez».
- «Gizonezkorako nator»
«Ezohikoa» zen orduan gizonezko gorputza hartzea, ebakuntza gehienak emakumezkoenak zirelako. Sakonean horrek ere bere esplikazioa baduela uste du, eta emakumeen bazterketarekin lotuta dago, bere ustez.
«Ni ere segituan konturatu nintzen gizonezko itxura hartu nuenean kaso gehiago egiten zidatela ahoa zabaltzen nuen bakoitzean, zerbait garrantzitsua esan beharko banu bezala», egiten du barre.
«Ikustezinak» egin ditu bazterketak, Garderen arabera. Eta ukapen horrek bultzatuta prostituzioarekin ere oso lotuta egon dira pertsona transexualak. Hala ere, egoera aldatzen ari dela ikusten du eta bazterketa eremuetatik ateratzen ari direla.
«Beste gauza bat nerabeen kasua da, adin txikikoekin pasatzen dena. Holandan, adibidez, legez onartuta dago gazte horiek hormonak hartzea, eurek hala erabakitzen badute eta euren gurasoen edo tutorearen onespenarekin. Kontuan hartu behar da adin horretan gertatzen direla gorputzeko aldaketa handienak: bularrak hazten zaizkie neskei, hilerokoa jaitsi,... Nik uste dut hobe dela gaztetatik prozesuan sartzea», azaldu zuen Gardek.
Hala ere, Ordizian emandako hitzaldian bildu ziren entzuleen artean nerabeen gaiaz ikuspuntu ezberdinak azaldu ziren.
Pertsona transexualen eskubideak errespetatzearekin bat etorri ziren aretoan zeuden denak, ordea.
«Guk dioguna da pertsona denek dutela eskubidea sentitzen duten bezala bizitzekoa. Niri ez zait axola besteek nitaz zer esaten duten, inporta zaidana nik sentitzen dudana da», Garderen arabera.
- Nazioarteko eguna, gaur
No comments:
Post a Comment