- Transexualak, protagonista
- Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna dugu gaur, 'Transexualak aurrera' lelopean; Espainiako Gobernuak sexu identitateari buruzko legea bideratzen hasi eta handik hiru astera
- Irutxuloko HITZA, 2006-06-28 # Eluska Ugalde
Pauso txikiak emanez, era berean pauso handiak ere badirenak, gizarteak gay eta lesbianen errealitatea onartzea du helburu ekainaren 28ak. Baina, ez dira homosexualak egun honetan lekua duten bakarrak. Transexualek ere badute zer aldarrikatu eta zer ospatu. Azken hilabete honetan inoiz baino gehiago. Horregatik, transexualak ardatz izango dira Donostiako agerraldian.
Ekainaren 2an Espainiako Gobernua genero identitateari buruzko legea bideratzen hasi zen. Espainiako Parlamentuan botoa emango dute, hari buruz, urte bukaeran; ez dago indarrean, beraz. Hala ere, transexualak baikor dira, eta urte amaieran, Espainiako Parlamentuan, legeak aurrera egingo duela uste dute. Legeak Hego Euskal Herri osoan izango luke eragina. Erabateko aldaketa izango da transexualentzat legea onartzea. Horren arabera, nortasun agirian izena eta sexua aldatu ahal izango dituzte. Horretarako, ordea, bi baldintza bete beharko dituzte. Alde batetik, genero disforia diagnostikatua izatea alegia, medikuek sexu biologikoa eta benetan sentitutakoa bat ez datozela diagnostikatzea. Eta bestetik, gutxienez bi urtetan mediku tratamendua jarraitzea, hormonazio prozesua hasita edukitzea.
Orain arte, oso zaila zen nortasun agiriko datuak aldatzea; epailearen araberako kontua izaten zen beti, eta gainera, derrigorrezkoa zen sexua aldatzeko ebakuntza egina edukitzea. Horrek asko zailtzen zuen prozesua. Alde batetik, ebakuntza garestia delako eta berme gutxi duelako, ez baitago oso aurreratua. Bestetik, transexual guztiek ez dutelako ebakuntza hori egin nahi izaten, dirua edukita ere. Tramitea, beraz, asko erraztuko da.
Horren harira, beste oztopo bat ere badute ebakuntza egin nahi dutenek. Izan ere, gizarte segurantzak ez ditu ebakuntzok bere gain hartzen eta nork bere kontura egitea garestia da. Askotan, gainera, ahalik eta diru gutxien gastatzearren, baldintza txarretan egiten dira ebakuntza hauek, bizitza arriskuan jartzeraino. Eskumen hau autonomia erkidegoei dagokie, eta horregatik, Osakidetzak sexu aldaketa ebakuntzak bere gain hartzea nahi dute transexualek. Horretan ere baikor dira. Gainera, hainbat herrialdetan, dagoeneko, gizarte segurantzak egiten ditu ebakuntza hauek, eta hori alde dute transexualek. Gehitu elkarteko kide Koldobike Mujikak esan digunez, transexualak biltzen dituzten taldeek Osakidetzarekin hitz egingo dute, hau aurrera ateratzeko.
======================================================
- Arratsaldean manifestazioa Erdialdean
Transexualen aldekoa izango da, hortaz, ekainaren 28ko aldarrikapen nagusia. Egun honek, dena dela, aldarrikapenaz gain, jai kutsua ere izango du. EHGAM taldeak, adibidez, festa antolatu du gauean, Salamanka pasealekuko Kazkazuri jatetxean. Aurten hildako Xanti Altxu Madelon EHGAMeko kidea gogoan izango dute Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendukoek ekainaren 28an.
======================================================
- Miren » «Banketxean dirua ateratzea izugarri kostatzen zait; dena nortasun agiriaren kontura»
- Irutxuloko HITZA, 2006-06-28
Lege proposamena aurrera aterako dela uste al duzu?
Nik baietz uste dut, oposizio bakarra PP delako, eta PP oraintxe Madrilen kanpaina egiten ari delako Gizarte Segurantzak transexualen ebakuntzak bere gain har ditzan. Hori egiten ari badira, nik uste dut PPko batzuek, behintzat, baiezkoa emango dutela. Joan den urtean sexu berekoen arteko ezkontzak onartu zituzten, eta orain gure txanda da.
Legea onartuz gero, zertan aldatuko da zure bizimodua?
Arazo handiena lana da. Curriculum ona eduki dezakezu, baina nortasun agiria erakusteko garaia iristen denean, iritzia aldatzen dute. Horregatik, azkenean, kontraturik gabe lan egin behar izan dut. Banketxean dirua ateratzeko, hegazkina hartzeko... ohi baino askoz gehiago kostatzen zait.
Informazio falta handia dago, beraz, gizartean. Bai, baina nire familian ere gauza bera gertatzen da. Eta nire kasua ezagutzen dute. Pentsa! Nire gurasoek edo nere ahizpak ere ez dituzte gauza asko ulertzen. Hamaika eratan saiatzen naiz nola sentitzen naizen azaltzen, baina hori ere zaila da.
Lege berriarekin, ez da derrigorrezkoa izango ebakuntza egitea nortasun agiria aldatzeko. Hala ere, denek ez dute ebakuntza egin nahi izaten. Zergatik?
Oso garestia da, baina dirua edukita ere, askok beldurra diote. Ordu asko dira. Gainera, ongi geratzea ez dago bermatuta, ez dago oso aurreratuta.
Zenbat urte zenituen etxean emakume sentitzen zinela esan zenuenean?
23 urte nituen. Egia esan, ongi hartu zuten. Lehendabizi, ahizparekin hitz egin nuen, eta gero, amarekin. Nahiko ongi jaso zuten albistea.
Bazterketa handia jasan behar izan al duzu?
Arazoak eduki ditut, bai. Bazterketa, alor askotan: lagunen artean, lanean, gizartean... Begiradak eta zurrumurruak jasan behar izan ditut, eta baita barre txikiak ere. Batik bat, aldaketaren hasieran, hura gehiago antzematen zenean.
Zergatik ez duzu jendaurrean transexual bezala agertu nahi?
Hasieratik ezagutu dut bazterketa. Gaur egun, berriz, ondo nago, ez zait ezer antzematen, eta ez dut nahi jendeak ezer jakin dezan; ez dut berriro hori pasatu nahi.
Ba al dago transexualekiko bazterketa homosexualen artean?
Bai, badago. Esaterako, behin, homofobiaren aurkako kongresu batera joan nintzen, eta transexuala nintzela jakin zutenean, baztertu egin ninduten; nahiz eta hasieran ongi konpontzen ginen. Ez zen logikoa, eskatzen zutena ez zutelako haiek ere egiten, baina...
Datozen belaunaldiek errazago izango dute?
Ni baino zaharragoa den jendeak nik baino askoz gehiago sufritu du. Kartzelan sartu dituzte, atxilotu egin dituzte, jazarpenak jasan dituzte. Nik ez dut hori sufritu behar izan. Espero dut etorkizunean transexualek irainak ere jasan behar ez izatea.
======================================================
- Imanol Noia » «Gure borroka kanporatzeko agerian uzten dut transexuala naizela»
- Irutxuloko HITZA, 2006-06-28
Imanol Noia emakume gorputzean jaio zen arren, gizon sentitzen zela konturatu zen gaztetan. Horregatik, duela bost urte, sexu aldaketa prozesua hasi zuen.
Nola jaso zenuen Espainiako Gobernua genero identitate legea bideratzen hastea? Zeozer entzuna nuen, baina ezustean harrapatu ninduen, ez bainuen espero hain azkar joatea.
Lehendabiziko pausoa da ala azkena?
Zalantzarik gabe, albiste ona da guretzat. Baina gauza gehiago lortu behar ditugu. Sexua aldatzeko ebakuntza Osakidetzaren bidez egitea ere oso garrantzitsua da, esaterako.
Jende askori ez zaio hori bidezkoa iruditzen, nahiz eta trransexualen aurka ez egon.
Badakit, baina nik beti esaten dut denon artean ordain dezakegula, asko edateagatik sortutako zirrosia doan sendatzen den bezala. Beste gauza batzuek premia handiagoa daukatela diote, baina noski, nork bere buruari begiratzen dio. Gu guxiengoa gara eta ez daukagu indarrik; hori da gure desabantaila. Horrez gainera, ikerketak ere oso poliki doaz, bitartekoak beste gaixotasunen norabidean bideratzen direlako.
Azken urteotan gutxi aurreratu al da alde horretatik?
Bai, batez ere, gizon sentitzen garenon kasuan. Ez dago oso aurreratuta, egia esan; obariektomia obarioak kentzea, esaterako, gutxi gorabehera lortuta dago, baina faloplastia zakila jartzea ez da lortu oraindik, ez dago bermatuta emaitza ona. Doan izanda ere, arriskutsua da, eta emaitza kaskarrek ez dute merezi. Beraz, zientziak arlo horretan aurre gehiago egitea nahi genuke.
Nolako jarrera du gizarteak transexualekin?
Euskal Herrian arazoa nahiko ongi ulertzen dela edo, behintzat, errespetuz hartzen dela uste dut. Hori da nire esperientzia. Lanean ez dut arazorik izan, adibidez; oso harrera ona izan dut. Noski, batzuetan, begiradak-eta nabaritu ditut. Jendeak askotan morboa bilatzen duelako.
Hobera egin al du jarrera horrek azken urteotan?
Nik baietz uste dut. Gainera, zeharka, homosexualen borrokak ere on egin digu. Egia da, hala ere, jende askok terminoak nahasten dituela oraindik, baina hori ere konpondu egingo da informazioa handitu ahala.
Batzuek ez dute transexualak direnik agerian utzi nahi izaten. Zuri zergatik ez zaizu axola?
Axola zait; inork nire berri ez izatea nahiago nuke. Nire ustez, ordea, gure borroka kanporatzea garrantzitsua da. Bestela, ezkutuan gaudela ematen du. Dena dela, ni ere ilusio horrekin jaikitzen naiz batzuetan: denek pentsa dezaten gizona naizela. Uste dut, horrekin, datozen belaunaldiei bidea erraztuko diegula.
Duela bost urte hasi zinen aldaketa prozesuarekin. Nolakoa izan da bidea?
Lehenengoa medikuarengana joatea eta hark diagnostikoa egitea da. Gero hormonazio prozesua hasten da, itxura aldatzeko, eta gero, ebakuntza. Nik, alderantziz, egin nuen, ez nuelako nahi emakume itxura eta kristoren bizarra eduki. Batzuek, ebakuntza egin baino lehen. bizimoduaren froga egiten dute; hau da, zuk sentitzen duzunaren arabera, gizon edo emakume bizimodua egitea.
No comments:
Post a Comment