2006/06/28

> Erreportajea: Ekainak 28 > ... ETA HARRO GAUDE!

  • Gaur da lesbiana, gay eta transexualen harrotasunaren nazioarteko eguna.
  • ... eta harro gaude!
  • Berria, Matraka arg., 2006-06-28
Lesbianen, gayen eta transexualen borrokan ez dago su-etenik. Oraindik ez behintzat. Hori azaltzera aterako dira kalera gaur milaka lagun. "Badira 30 urte sexu askatasunaren aldeko bandera jaso genuela. Ekialdeko mundu patriarkal, heterosexista, judu-kristau... honetan, izate edo egite heterosexistek menperatu dute sexualitatea", azaldu digu Mikel Martin Gipuzkoako EHGAMeko kideak.

Ondorioz, sexu askatasuna urrun ikusten dute askotan haren alde dabiltzan kolektiboek. "Saiatzen gara gero eta jende gehiagok har dezan homosexualen eta transexualen egoeraren kontzientzia. Ez bakarrik guk. Guztion ardura da heterosexismo horri indarra kentzea", dio Martinek. Bide horretan, garrantzi berezia ematen dio hezkuntzari. "Hezkuntzak azaleratu beharko luke badirela aukera asko, eta guztiak direla duinak". Familiak, komunikabideek eta erlijioak ere badute zeresanik arlo horretan, EHGAMeko kidearen ustez.

Dekalogo deontologikoa ere sortu zuten komunikabideentzat: "Alde batetik, hizkuntza homofobo, lesfobo eta transfoboa baztertu behar dute komunikabideek, baina, beste alde batetik, agertu egin behar dituzte kolektibo horien arazoak. Gainera, dekalogoaren bidez, dei egiten genien komunikabideetan lanean ari diren lesbiana, gay eta transexualei euren komunikabideko kide aktibo izan daitezen. Ez daitezela ezkutatu".

30 urte asko dira, eta lorpenak ere hainbat izan dira. "Gayek, lesbianek eta transexualek lehen pertsonan hitz egitea lortu dugu. Hainbat lege baztertzaile kentzea lortu dugu, ezkontza legea onartzea, geure komunikabide propioak sortu ditugu... baina asko dira oraindik ere lortu gabeko gauzak", azaldu digu Martinek. Hala ere, ez daude etsita. Euskal Herriko hainbat kolektibok lanean jarraitzen dute egunero, egin gabeko urratsak egiteko. "Eliza katolikoak, esate baterako, egunen batean barkamen publikoa eskatu beharko du homosexualen eta transexualen kontra esan dituen lotsagarrikeria guztiengatik".

Dena den, transexualak dira, agian, sexu askatasunik eza gehien sufritzen dutenak. Martinek esan digunez, "Osakidetzan eta beste hainbat osasun erakunde publikotan ez dago sexu aldaketarik egiteko aukerarik". EHGAMeko kideak gogoratzen du nola "sexu klandestinitatearen" garaian transexualak izan ziren lehenengo ilaran egon zirenak. "Pertsonen duintasunaren alde sekulako lana egin zuten. Egun, ordea, orain 30 urte gay eta lesbianek bizi zuten egoeraren antzekoa bizi dute. Lehengoan, adibidez, lagun batek esaten zidan 30 urte pasatu eta gero transexualen harrotasunaren eguna ospatuko dutela ekainaren 28an". Harrotasun eguna. Martinentzat garrantzitsua da hori azpimarratzea: "Jai giroan aterako gara kalera. Batez ere hori da aldarrikatu behar duguna: garena gara, eta harro gaude".

Mikel Martinek azaldu digunez, desira homosexualak dituen orok jakin behar du ez dagoela bakarrik. "Milioika lagun ari gara Euskal Herrian eta mundu guztian lesfobiarik, transfobiarik eta homofobiarik gabeko munduaren alde".

Oraindik ere ezinegona sortzen dio jendeak bere sexu izaera ezkutatzen duela jakiteak. "Batzuetan, kontraesana ikusten dut gazteen artean. Lehen baino askatasun handiagoa dagoela dirudi, baina, teknologia berrien eraginez, ikusezinak dira homosexualen arteko harremanak kalean", esan digu. Askotan, Internet bidez sortzen dira harremanak, ezkutuan. Hala ere, mezu zuzena dauka berak: "Homosexualitatea pertsonaren sexu desiren zatia da. Eta guztiok daukagu desira hori bizitzeko eskubidea, hala sentitzen dugunean".
  • «Bazterketakez dirakontuan hartzen»
  • Amparo Villar · Aldarte taldeko kidea
1) Ekainaren 28ko ekitaldien barruan lesbianismoari eta feminismoari buruzko hitzaldia emango duzu
Lesbianek landutako mugimendu feministaren ibilbidea aztertuko dut. 1977tik 1995 ingurura arte. Lortutakoaren eta bidean izandako traben gainean berba egingo dut. Izan ere, iruditzen zait historiak ahaztu egin dituela lesbianen kolektibo feministak. Oraingo mugimendu feministetan hutsune hori ikusten dut, eta iruditzen zait egokia litzatekeela lesbianismoaren aldarrikapena berriro ere hartzea kolektibo feministetan. Badaudelako bereziki emakume homosexualenak diren aldarrikapenak.

2) Askotan feministak eta lesbianak berdintzat hartu izan dira
Egia da sasoi batean talde feministak oso leku erosoak zirela lesbianentzat. Beste emakume batzuk ezagutzeko aukera izateaz gain, aldarrikapen mota bi batzeko aukera zeukaten: lesbiana eta emakume moduan zituzten eskubideak, hain zuzen. Hortik gorakoak gizartearen aurreiritziak eta estereotipoak dira.

3) Zelan ikusten duzu egungo mugimendu feminista
Iruditzen zait egungo mugimendu feministak ez dituela lesbianak kontuan hartzen. Bazterketak ez dira kontuan hartzen. Hau da, lesbianak bi aldiz baztertzen dira: neskak izatearren batetik, eta beste neska batzuk maitatzearren bestetik. Esate baterako, emakumeen kontrako indarkeriaz berba egiten denean, ez da bikote lesbianen artean egon daitekeen indarkeriarik aipatzen.

4) Eta lesbianen mugimendua nola ikusten duzu
Euskal Herrian gay eta lesbianen artean batera ere lan asko egin da. Homosexualak diren aldetik, emakumeek eta gizonek badituzte aldarrikapen batzuk batean, baina badaude emakumeenak diren gauza berezi batzuk. Homosexualitatearen barruan ere, batzuetan emakumeak baztertuta egoten dira, eta agian horregatik da garrantzitsua mugimendu feministan gure lekua izatea.

5) Gaurko egunari begira, zein da zuen aldarrikapena
Asko dira aldarrikapenak, baina, batez ere, transexualak argitara atera gura ditugu. Gure ekitaldian transexual batek irakurriko du komunikatua. Gizartean lekua hartu behar dute. Aniztasuna aldarrikatuko dugu; sexu aniztasuna eta pertsonen aniztasuna. Gero, Aldarten jarraituko dugu urte osoan, hezkuntzarako lanean. Hezkuntza landu egin behar dugu, egoera guztiz berdintzeko.

No comments: